Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Miró, Pilar

Espainiar zinema zuzendaria (Madril, 1940 - Madril, 1997). Zuzenbide eta kazetaritza ikasketak egin zituen lehenbizi, eta zinemagintzakoak gero. Zineman hasi baino lehen errealizadore izan zen telebistan. 1976an egin zuen debuta zineman, La petición filmarekin, baina hiru urte geroago ezagutarazi zuen bere burua, El crimen de Cuenca (1979, Cuencako krimena) filmean Guardia Zibilak nekazari errugabeei egindako torturak salatu zituenean. 1982an, Espainiako Alderdi Sozialistak aginpidea lortu zuenean, Zinemagintzako Zuzendari Nagusi izendatu zuten, eta kargu horretan zegoela, zinema industria nazionala babesteko legea prestatu zuen, oso eztabaidatua izan zena, kalitatearen hobetze badaezpadakoaren ordainetan produkzio kopurua jaistea eta, beraz, lanpostu galera handia ekarri zuelako. 1985ean zuzendari kargua utzi zuen, eta urtebete geroago, Werther (1986) egin zuen, Goetheren obraren egokitzapena. Urte horretan bertan Espainiako Irrati eta Telebistako Zuzendari Nagusi izendatu zuten. 1990ean, baina, ustelkeria salaketak izan zirela-eta, kargua utzi behar izan zuen. Handik aurrera, film asko egin zituen: Beltenebros (1991, zuzendari onenaren saria Berlingo Zinema Jaialdian), El pájaro de la felicidad (1993, Zorionaren txoria), El perro del hortelano (1995, Baratzezainaren zakurra), eta Tu nombre envenena mis sueños (1996, Zure izenak ametsak pozoitzen dizkit).