Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Miró, Joan

Kataluniar margolari, grabatzaile, eskultore eta zeramikagilea (Bartzelona, 1893 - Palma de Mallorca, 1983). 1918an egin zuen lehen erakustaldia, Bartzelonan. Lehen lanetan nabaria zen Van Gogh-en eragina, baina pixkanaka, Picassoren eraginez besteak beste, surrealismorantz itzuli zen, Miroren surrealismoa oso pertsonala bazen ere, aberatsa koloreetan eta grafismoetan. 1924an André Bretonen Manifestu Surrealista izenpetu zuen. 1940 ondoko urteetan, aberastu egin zen Miróren pintura, elementu berriak, grafismoak eta orbanak, sartu baitzituen. Katalunian eta Europa osoan XX. mendean izan zen artista handienetakoa izan zen Joan Miró, inolako zalantzarik gabe. Lan aipagarrienak: Masia bat (1921-22), Ricart-en erretratua (1917), Baserria (1922), Lur landua (1923), Arlekinaren inauteria (1925), Konposizioa (1933), Portua (1945), Harvard eta Cincinnatiko unibertsitateetako horma irudiak (1947, 1950), UNESCO erakundeak Parisen duen egoitzakoa, Osakako Erakustaldiko (1970) eta Bartzelonako aireportuko zeramikazko horma irudi handiak.