Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

mikroprozesagailu

iz. Inf. Txip erdieroale batzuk dituen konputagailu txikia. Tresna eta gailu mota desberdin askotan erabiltzen da: erloju digitaletan, mikrouhinen labeetan, bideo jokoetan, etxe berotze sistemako kontroletan, segurtasun sistemetan, kalkulagailu eta abarretan. Mikroprozesadoreak zirkuitu integratuen teknika aurreratuak erabiliz egin ahal izan ziren, era askotako funtzio elektronikoak gordetzen dituzten eta, zigilu bat baino askoz txikiagoko izanik ere, memoria biltegi handiak diren txipei esker. ■ Diseinua eta funtzioa. Mikroprozesagailuak txip erdieroalez eginak dira. Txip bakoitzak transistoreak, diodoak edo zirkuitu logikoak bezalako osagai aktiboak, eta erresistentziak eta kondentsadoreak bezalako osagai pasiboak ditu. Mikroprozesagailu gehienek seriean egindako txip estandarrak dituzte, eta programa jakin bat dute txertaturik. Txiparen barruan ahalik eta osagai elektroniko gehien txertatzen dira, kanpoko loturak (hondatzeko arrisku gehien dutenak) gutxitzearren. ■ Pentium mikroprozesagailua. Intelek 1993an merkaturatutako mikroprozesagailua, 486aren ondorengoa. Pentium mikroprozesagailua 32 biteko mikroprozesagailu supereskalarra da, eta 64 biteko datu bus bat dauka, 3.100.000 transistore eta koprozesagailu matematiko batekin. Prozesagailu honen lehenengo bertsioak 60 MHz-ko maiztasuna zuen, 5 volteko indar kontsumoa, 32 biteko helbide bus bat eta 64 biteko datu bus bat. Egun 233 MHz-ko maiztasuna hartzen du.