Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mikronesia

(Izen ofiziala, Mikronesiako Estatu Federatuak; Ing., Federated States of Micronesia). Ozeaniako estatu federatuen elkartea, Ozeano Barearen mendebaldean, Yap, Chuuk (antzina Truk), Pohnpei eta Kosrae estatuek osatua, eta bere baitan Carolina uhartediaren ekialdeko 600 uhartetik gora hartzen dituena. 707 km2 eta 107.862 biztanle (2007ko estimazioa, mikronesiarrak). Hiriburua: Palikir (4.571 biztanle). Hiri nagusiak: Moen, Lelu. Etniak: trukak, % 48; pohnpeiarrak, % 24,2; yapak, % 9,7; kosraearrak, % 6,2; besteak, % 11,9. Hizkuntza ofiziala: ingelesa. Erlijioak: katolikoa, % 50; protestantea, % 47; besteak eta batere ez, % 3. Dirua: dolarra.  v  Orografia eta klima. Uharte batzuk sumendi jatorrikoak dira, gehienez ere 750 m-ko garaiera dutenak; besteak berriz koralezko atoloiak dira, lauak, eta aintzirak dituzte barnealdean. Klima bero hezea da. Euri gehiago egiten du ekialdean mendebalean baino: 5.000 mm urtean Ponape-n eta 3.000 mm Yap-en. Urtean, batez beste, 27 °C egiten ditu. Lurraldearen seiren bat basoek hartzen dute. ■ Biztanleak. Mikronesiako biztanleen artean kultura, mota eta hizkuntza desberdin asko bereizten dira, baina truk taldekoak dira ugarienak. Asko dira japoniarren ondorengoak, Mikronesia Japoniaren kolonia izan zenean kolonoen eta mikronesiarren arteko ezkontzetatik sortuak. Biztanle gehienak herrietan bizi dira, eta % 26 bakarrik bizi dira hiriguneetan. Biztanle hazkundea handia da (% 3 ingurukoa batez beste), eta horrek herrialdearen zailtasunak areagotzen ditu, ekonomiaren egoera berez baita nahiko txarra. Ingelesa da hizkuntza ofiziala, baina bertako hizkuntza mikronesiarrak ere asko erabiltzen dira. ■ Ekonomia. Mikronesiako ekonomia jarduera nagusiak bertako biztanleen beharrak asetzera bideraturiko nekazaritza eta arrantza dira. Nekazaritzako gai nagusiak batata, kokoa eta mandioka dira; kopra da gehien esportatzen den gaia. Bestalde, eta arrantzarekin batera, aipatzekoa da, beren eskumenean duten itsaso eremu handiari eta bertako baliabideei esker, atzerriko arrantza itsasontziei arrantzarako baimenak ematetik ateratzen dituzten irabaziak. Fosfato erreserbetatik kanpo, lurpeko aberastasun gutxi ditu. Turismoa da etorkizunerako diru sarreren itxaropena, baina oraindik behar bezalako garapenik ez du izan, urruntasuna, komunikabide txarrak eta zerbitzu eta azpiegitura kaskarrak direla-eta. Gaur egun Estatu Batuen mende dago zeharo Mikronesiako ekonomia, haien laguntza baitu Mikronesiak diru iturri nagusia. Ekonomia hazkundea eragozten duten arazo nagusiak azpiegitura kaskarrak eta urruntasun geografikoa dira, esan bezala, eta baita azken urteotan kalte handiak eragin dituzte lehorteek ere, besteak beste 1998koak, ustez El Niño fenomeno meteorologikoak eraginak. ■ Administrazioa eta gobernua. 1979. urteko konstituzioak agintzen duenaren arabera, Mikronesiako aginpide betearazlea lehendakariaren esku dago eta aginpide legegilea, berriz, biltzar federalaren esku; lau urtez behin aukeratzen dira kargudun eta erakunde horiek. Bestalde, eta konstituzioak aldarrikatzen duen aginpidearen deszentralizazioaren mesedetan, estatu bakoitzak bere gobernadorea eta bere legebiltzarra du. Ez dago alderdi politikorik, debekatuta ez dauden arren; famila loturetan eta uharte bakoitzeko eragileetan oinarritua da atxikimendu politikoa. ■ Historia. Orain dela 3.500 bat urte Melanesiako ekialdetik joandako jendea finkatu zen uharteetan. XVII. mendean Espainiak kolonizatu zituen eta 1898an Alemaniari saldu zizkion. Japoniaren mendean egon ziren Lehen Mundu Gerraren ondoren, eta Estatu Batuenean Bigarren Mundu Gerraz gero. 1979an Mikronesiako Truk, Yap, Pohnpei eta Kosrae uharteek Mikronesiako Estatu Federatuak osatu zituzten. 1986an Estatu Batuekiko asoziazio askeko hitzarmen bat sinatu zuten, eta Estatu Batuen esku gelditu ziren Mikronesiako estatu federatuen babesa eta kanpo harremanak. Hitzarmen hura indarrean sartu zenean Nazio Batuek babespeko herri izaera kendu zioten Mikronesiari (1947. urtean eman zieten izaera hura Mikronesiako uharteei, eta NBEn aginduz Estatu Batuek uharteen autodeterminazioa bideratzeko moduko kontzientzia sorrarazi behar zuen uharte haietan), eta 1990ean Mikronesiaren burujabetasuna berretsi ondoren 1991n Nazio Batuen Elkartean onartu zituzten Mikronesiako estatu federatuak. 1991ko hauteskundeetan Bailey Olter izendatu zuten lehendakari eta estatuburu, eta Jacob Nena lehendakariorde. Haren agintaldian Nazioarteko Diru Funtseko kide eta Munduko Bankuko kide bihurtu ziren Mikronesiako estatu federatuak, eta 1994an Mikronesiako epe luzerako ekonomiaren aurreikuspenak aztertu ziren, Estatu Batuekiko mendekotasunari zegokionez batez ere (barne produktu gordinaren bi heren inguru hartzen zuen Estatu Batuen laguntzak garai hartan). 1995eko hauteskundeen ondoren Olter berretsi zuten bere karguan, baina 1996an Jacob Nena izendatu zuten behin-behineko lehendakari, Olterrek bere funtzioak betetzeko gaitasunik ez zuela-eta. 1997an zin egin zuen Nenak lehendakari titularraren kargua. 2007an Manny Mori izendatu zuten lehendakari, eta Alik L. Alik Lehen Ministro.
http://www.fsmgov.org/