Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mikronesia

Ozeaniaren hiru zati handietako bat, Filipinetako uharteetatik ekialdera, ekuatorearen eta Cancer tropikoaren artean dauden uhartediek osatzen dutena: Kiribati, Guam, Nauru, Iparraldeko Marianak, Mikronesiako Estatu Federatuak (Yap, Ponape, Truk eta Kosrae), Marshall uharteetako errepublika, eta Belauko errepublika. 2.000-tik gora uharte eta 3.130 km2 dira guztira.  v  Lurraldea. Uharte horietako asko sumendi jatorrikoak dira, itsasbazter malkartsukoak, eta besteak berriz koralezkoak dira. Landaredia ugaria da; mangle zuhaiztiak, oihan tropikalak eta txaradiak dira nagusi. Klima bero hezea da: 2.500 mm euri eta 27-29 °C arteko tenperatura urtean.  v  Biztanleak. Kultura eta hizkuntza aniztasuna da uharteetako ezaugarri nagusietako bat. Malaysiar-polinesiar familiako hizkuntzak hitz egiten dira uharte gehienetan, elkarren artean ulertezinak direnak; uharte batzuetan Polinesiako hizkuntzak mintzatzen dira. Guztietan ingelesa erabiltzen da bigarren hizkuntza gisa. Uharte txikietako biztanleak uharte handietara joan ohi dira, bizitzeko baldintza hobeen bila. Biztanle gehien dituzten uharteak Mikronesiako Estatu Federatuak osatzen dituztenak eta Mariana uharteak dira.  v  Ekonomia. Mikronesiako biztanleen ohiko lanbideak nekazaritza eta arrantza dira. Kokoa, ogi-arbola, mandioka, batata, platanoa eta fruitu tropikalak lantzen dira batez ere; zenbait tokitan kakaoa, arroza eta artoa ere lantzen hasi dira. Abere hazkuntzan zerriek eta oiloek dute garrantzi gehiena. Itsasketari iaioak dira baina baliabide urriak darabiltzate. Bestalde, Belau uhartean basoa eta Nauru-n fosfato meak ustiatzen dira, eta Guam-en petrolio findegiak daude. Uharte askotan korala erabiltzen da zementugintzarako, baina horiez bestera, toki gehienetan, industria nagusiak elikagaiak (koko kopra eta olioa, arrainak), txalupagintza eta eskulangintza dira. Kiribatin ehundegiak ere badira. Turismoa da irabazpide nagusietako bat, gero eta garrantzi handiagoa duena.  v  Historia. Espainiarrak 1668. urtean Mikronesiara iritsi zirenean, hango biztanleak palafito-etxeetan bizi ziren, erreka, aintzira eta itsasertzean antolatutako herrixketan. Itsasketari bikainak ziren. Leinu gehienek amarengandik jasotzen zituzten ondasunak herentzian, eta gizonek emazte bat baino gehiago izan zezaketen. Erlijioari zegokionez politeistak ziren. Garai hartako arte aztarnarik ia ez dago, baina dantzak, abestiak eta kirolak gaurdaino gorde dira.  v  1885-1889 bitartean Espainiak Alemaniari saldu zizkion uharteak. 1914an japoniarrek hartu zituzten, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Nazio Batuen aginduz, uharte batzuk Estatu Batuen mendean geratu ziren. Estatu Batuetako itsas armadaren zazpi urteko administrazioaren ondoren, Estatu Batuek izendatutako goi-komisario baten gobernupean geratu ziren uharteak eta biztanleei tokian tokiko gobernariak hautatzeko eskubidea eman zitzaien. 1946tik 1958ra Estatu Batuek atomo bonbak lehertarazi zituzten Bikini eta Eniwetok atoloietan, eta han bizi zen jendea beste uharte batzuetara eraman zuten. 1978an Mikronesiako Biltzarrak konstituzio bat onartu zuen, eta uharteak lau barrutitan banatu ziren. Kosrae, Ponape, Truk eta Yap uharteek konstituzioa onartu eta Mikronesiako Estatu Federatuak osatu zituzten. Iparraldeko Mariana uharteek konstituzioari uko egin zioten eta Estatu Batuen mende jarraitzea erabaki zuten. Marshall uharteek beren konstituzioa onartu zuten 1979an, eta Belau errepublika burujabe bihurtu zen 1980an. Bestalde, Guam uhartea Estatu Batuen mende dago 1898az geroztik; Nauru-k 1968an erdietsi zuen burujabetasuna eta Gilbert uharteek, Kiribati deituraz, 1979an.