Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mercero, Antonio

Gipuzkoar zinema zuzendaria (Lasarte, 1936). Zuzenbide ikasketak egin zituen Valladoliden. 1959an Zinemako Eskola Ofizialean sartu zen, eta zenbait film labur egin zituen, hala nola Lección de arte (1962, Arte irakaspena), Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuena. Urtebete geroago egin zuen bere lehenengo film luzea: Se necesita chico (1963, Mutila behar da), baina ez zuen arrakasta handirik izan eta film laburrak egiten jarraitu zuen. 1970ean telebistarako lanean hasi zen. Handik gutxira La cabina (1972, Telefono kabina) egin zuen, Espainiako eta nazioarteko hamar sari jasotakoa, Estatu Batuetako Emmy saria, besteak beste. Telebistarako lanen artean, arrakasta handi-handiko hiru aipa daitezke: Crónicas de un pueblo (Herri bateko kronikak), Verano azul (1981, Uda urdina) eta Farmacia de guardia (Goardiako farmazia). Beste lan aipagarri batzuk: La guerra de papá (1977, Aitaren gerra), Toby (1978), Espérame en el cielo (1987, Itxaron nazazu zeruan), Don Juan, mi querido fantasma (1989, Don Juan, nire mamu maitea) eta La hora de los valientes (1998) dira. Film honek Moskuko Nazioarteko Zinemaldiaren XXI. edizioan epaimahaiaren sari berezia irabazi zuen. 2000. urtean utzi zion Espainiako Telebista Elkartearen presidente izateari. Zuzendari izateaz gain, 18 gidoi baino gehiago egin ditu.