Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Menem, Carlos Saúl

Argentinar politikaria (Anillaco, Errioxa, 1930). Gurasoak siriarrak ditu, musulman sunniak. Zuzenbide ikasketak egin zituen, Kordobako Unibertsitatean, Argentinan. 1955ean La Riojako Juventud Peronista alderdia sortu zuen. 1973an La Riojako gobernadore hautatu zuten, eta kargua berretsi zuen 1983an eta 1987an. 1976an, María Estela Martínez de Perón lehendakaria kargutik kendu zuen kolpe militarraren kariaz, atxilo hartu zuten. 1978an irten zen kartzelatik, eta Paraguaira erbesteratu zen. 1983an La Riojako Partido Justicialistako presidente izendatu zuten, eta 1989ko maiatzean Argentinako lehendakari hautatu zuten, hauteskundeak aise irabazita. Lehendakaritza hartu zuenean herrialdearen egoera ekonomikoa larria zen, eta azkeneko hamarraldietako plangintza ekonomiko gogorrenari ekin zion: besteak beste, prezioen merkatuaren liberalizazioa onartu zuen, eta sektore publikoko enpresak pribatizatu zituen ostera, estatuaren defizita geldiarazteko. Malvinetako gerraz geroztik harremanik gabe egon ondoren, 1990ean Britainia Handiarekin harremanetan hasi zen berriro. Bestalde, Hego Amerikarentzat merkatu batua sortzeko proiektuaren alde lan egin zuen. 1993an hitzarmena egin zuen Raúl Alfonsínekin 1853ko konstituzioa berritzeko. 1995eko maiatzean berriro hautatu zuten lehendakari, inflazioari aurreko egiteko zeraman kontrol gogorrak klase behartsuenen babesa ekarri ziolako nonbait.