Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mendiburu Miranda, Remigio

Gipuzkoar eskultorea (Hondarribia, 1931 - Bartzelona, 1989). 1956an, San Fernando Arte Eskolan (Madril) arte ikasketak hasi eta Bartzelonako San Jorge Eskolan jarraitu zituen. 1958an Parisa joan zen, eta han ezagutu zuen garai haietan hedatzen ari zen informalismoa. Zura erabili zuen, batez ere, bere eskulturak egiteko, baina baita beste gai batzuk ere (harria, metalak, etab.). Erakusketa ugari egin zituen, besteak beste, Hondarribian, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Bartzelonan, Madrilen, Valentzian, Santa Cruz de Tenerifen, Vigon, Venezian, Mexicon, Basilean, Parisen, etab. 1966an sortutako Gaur gipuzkoar artisten taldeko partaidea izan zen, Amable Arias, Oteiza, Basterretxea, Sistiaga, Txillida, Ruiz Balerdi eta Zumetarekin batera. 1965ean hautatua izan zen Veneziako bi urtean behingo XXIII. erakusketarako, eta, urte hartan bertan, March Fundazioaren diru laguntza jaso zuen. 1976an, Espainiako ordezkari hautaturik, Basileako VII Nazioarteko Arte Azokan parte hartu zuen, eta 1978an, Ricardo Ugarterekin batera hautaturik, Parisen antolatutako Europar Eskulturaren I. Hiru Urteko Erakusketan. Eskultura ugari egin zituen: Jaizkibel mendiko monumentua; Enborbarru; Dunbots; Sugar; Gizaki batentzat odol-zigorra; Arri biur; Txalaparta; etab.