Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Méndez-Leite Serrano, Fernando

Espainiar zinema zuzendaria (Madril, 1944). Zuzenbide ikasketak egin zituen Madrilgo Unibertsitate Complutensean, eta zinema ikasketak Zinemako Eskola Ofizialean, Madrilen bertan. 1967an Espainiako Telebistan hasi zen lanean, zuzendari laguntzaile gisa. Bien bitartean, film kritikak idatzi zituen zenbait egunkari eta aldizkaritan. 1968-1981 bitartean zinemaren teoria, zuzendaritza eta historia erakutsi zuen Valladolideko Unibertsitateko Zinema Katedran. 1980an egin zuen debuta zinema zuzendari gisa: El hombre de moda (Modako gizona). 1986an Espainiako Ministro Batzordeak Zinemagintza eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuko zuzendari nagusi izendatu zuen, Pilar Miró-ren ordez. Dena dela, 1988an karguaren dimisioa aurkeztu zuen, kultura ministerioarekin izan zituen tirabirengatik. 1989an Espainiako Telebistan lanean hasi zen berriro. 1992an Donostiako Zinemaldiko zuzendaritza eskaini zitzaion, baina ez zuen onartu. 1994an La Regenta filma egin zuen telebistarako, eta urte horretan bertan Madrilgo Zinema Eskola sortu berriaren zuzendari hautatu zuten. Bestalde, zinemari buruzko bi liburu idatzi ditu: Historia del cine español en cien películas (1985, Espainiako zinemaren historia ehun filmetan) eta Argentina en el cine español (1993, Argentina Espainiako zineman).