Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mendaza

Nafarroako erdi mendebaleko udalerria (Berrotza ibarra, Lizarrako merindadearen erdialdea). Mugak: iparraldean Lanaibar; ekialdean Piedramillera eta Antzin; mendebalean Zuñiga, eta hegoaldean Mues, Sorlada eta Nazar. Garaiera, 639 m, 33,13 km2 . 1999ko datuen arabera, 372 biztanle ditu (mendazarrak). Kontzeju hauek osatzen dute udalerria: Azedo, Asarta, Mendaza (herriburua) eta Ubago. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ega ibaia igarotzen da udalerriaren ipar-ekialdetik. Hizkuntza, gaztelania. Euskara xvi. mendea baino lehen galdu zen. Ekonomia jarduera nagusiak laborantza (garia, garagarra, patata, mahatsa, bazkarako landareak) eta abere hazkuntza (zerri eta behi azienda) dira (langileen % 65). Aipagarri dira Acedoko XVI. mendeko Ama Birjinaren Jasokunde eliza (XVII. mendean zaharberritua), Asartako San Joan Bataiatzailearen eliza gotiko-errenazentista, Mendazako XVII. mendeko San Felix eliza (XIII. mendeko tenplu gotiko baten gainean eraikia) eta Ubagoko XIII. mendeko San Martin eliza. Mendazako udalerriaren eremuetan dago, bestalde, Santa Coloma izeneko historiaurreko bizilekua.  v  Historia. 1154. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Mendazako herria. XIX. mendearen lehen erdian bihurtu zen udalerri. Zumalakarregi eta Fernández de Córdova jeneralen arteko gudua gertatu zen Mendazako lurretan 1834. urtean. Fernández de Córdova jeneral liberala izan zen garaile.