Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mendabia

Nafarroako mendebaleko udalerria (Lizarrako merindadearen hegoaldea). Mugak: iparraldean Elizagorria eta Urantzia, ekialdean Sesma, mendebalean Viana eta Bargota, eta hegoaldean Agoncillo eta Alcanadre (Errioxa). Garaiera, 363 m. 77,12 km2. 1999ko datuen arabera, 3.563 biztanle ditu (mendabiarrak). Ebro ibaia igarotzen da udalerriaren hegoaldetik. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (garia, garagarra, barazkiak, fruitu arbolak, bazkarako landareak, behi, ardi eta zerri azienda; langileen % 60) eta haren inguruan sorturiko industria (janari industria, kontserbategiak; langileen % 25) dira. Aipagarri dira XIII-XVIII. mendeetako Ama Birjina Legardako ermita (ermita honi buruzko lehen aipamenak, aldiz, XI. mendekoak dira), XVII. mendeko etxe ugari, XVIII. mendeko udaletxea, XIII. mendearen hasierako San Joan Bataiatzailearen eliza lehengotikoa (XVI. mendean zaharberritua) eta hango erretaula nagusia (1550-1570).  v  Historia. Arabiarren mende egon zen Mendabiako herria X. mendea arte. Han izan zen Aragoiko, Gaztelako eta Nafarroako erregeen arteko gudua 1067. urtean. Gaztelako soldaduek erre egin zuten Mendabia 1379. urtean. Leringo Konderriaren mendeko herria izan zen Mendabia XIX. mendearen lehen erdian udalerri bihurtu zen arte.