Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

McTaggart, David

Kanadar ekologista (Vancouver, 1932). Greenpeace taldearen sortzaileetako bat, erakundearen bozeramailea 1979az geroztik. 1971n Frantziak Zeelanda Berrian arma nuklearrak probatzeko saioak egin zituenez geroztik, ekologia auzietara lotu zitzaien buru-belarri. 1960ko hamarraldian Kaliforniara joan zen, eraikin kontratista eta eragile gisa lan egitera. Guztiz hunkituta geratu zen bere langileetako bi eztanda baten ondorioz zauritu zirenean. 1971n, Greenpece International erakundearen sorreran parte hartu zuen Zeelanda Berrian. Hurrengo urtean mundu osoaren arreta erakarri zuen Frantziak arma nuklearren beste saio bat egin behar zuen lekura –Mururoa atoloira– agertu zenean bere belaontzi txikiarekin (Vega izenekoa, Greenpeace III izenez bataiatua). Ontziaren presentziak –legezko leku batean ainguratua– saioak bertan behera uztera behartu zuen Frantziako gobernua. Azkenik, Frantziako gerra ontzi bat belaontziari oldartu zitzaizon. McTaggartek bere ontzia konpondu eta leku berera itzuli zen urtebete geroago, Australiako eta Zeelanda Berriko Langile Alderdiko kide batzuekin. Frantziako militarrek jipoitu egin zuten, eta McTaggartek auzi luze bat hasi zuen haien kontra. Bien bitartean Greenpeace erakundea zabalduz joan zen munduan zehar. 1985ean Greenpeaceko beste ontzi bat, Rainbow Warrior, Mururoa atoloira joan zen ostera Frantziaren saio nuklearren aurka protesta egitera. Aucklandeko portuan ainguratuta zegoela, leherketa batek ontzia hondoratu zuen eta Greenpeaceko argazkilari bat hil zuen. Leherketarekin zerikusia zutelako atxilotu zituzten bi pertsonak Frantziako zerbitzu sekretuetako kideak ziren; Zeelanda Berrian epaituak eta zigortuak izan ziren. Frantzian auziak kolokan jarri zuen gobernua, eta goi mailako bi ofizial karguetatik kentzera behartu zituen.