Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maximiliano IIa

Germaniarren enperadorea eta Bohemiako eta Hungariako erregea (Viena, 1527 - Ratisbona, 1576). Fernando I.aren eta Ana Jagellon Hungariakoaren semea. Espainiako gortean hezi zen. Karlos V.aren aginduetara ibili zen hark frantsesen (1544) eta Smalkaldako ligaren (1547) aurka izan zituen gatazketan. Haren alaba Mariarekin ezkondu zen 1548an. Hala ere, erreformaren aldera agertu zuen zaletasunagatik ez zuten errege. Azkenean katoliko bihurtu behar izan zuen Bohemiako eta Hungariako errege izateko (1562). 1564an enperadore bihurtu zen. Protestanteen eta katolikoen artean bakea egiten saiatu zen, baina hartu zituen neurriak gehiago izan ziren protestanteen mesederako. Fernando I.a hiltzean turkiarrek baliogabeko deklaratu zuten 1562ko su-etena. 1566an Soliman Zaharrak Vienari erasoa jo zion. Hura hil zenean haren seme Selim II.ak hartu zuen aginpidea eta 1568an 8 urterako bakea sinatu zuen Maximilianorekin, baina guztiarekin ere ez zion hark bakerik eman.