Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maximiliano Ia, Jose

(Jose Wittelsbach-ekoa). Bavariako lehenbiziko erregea (Mannheim, 1756 - Nymphenburg, 1825). 1806tik 1826a bitartean izan zen errege. Soldadutza Frantziako gudarostean egin zuen eta jeneral izatera iritsi zen. 1795ean, anaia hil zitzaionean, Deux-Ponts-Birkenfeld-eko duke bihurtu zen. 1799an lortu zuen Bavariako hautesle izatea. 1801ean Rhin ibaiaren ezkerraldeko zenbait eskualde Frantziari utzi zizkion. 1805ean Tirol eta Trentoko lurraldeak eskuratu zituen. Napoleonen alde borrokatzeagatik Bavariako erregetzat onartu zuen hark (1806) eta berebat Bayreuth eta Salzburgo ere erantsi zizkion bere erresumari. 1813an Napoleon utzi eta aliatuen alde jarri zen, Bavaria independentea eta osoa utziko ziotelako baldintzarekin. 1815ean galdu egin zituen eskuratutako lurralde gehienak. Protestantismoaren eta ilustrazioaren aldeko erregea izan zen. 1808an Munich-eko Arte Ederretako Akademia sortu zuen. 1818an Bavaria Napoleonen ereduen araberako estatu zentralista bihurtuko zuen konstituzioa ezarri zuen.