Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maurois, André

(Jaiotza izenez, Émile Herzog). Frantses idazlea (Elbeuf, 1885 - Paris, 1967). Normandian babeslekua aurkitu zuen familia judu batean jaio zen. Filosofia ikasketak amaitu ondoren, Alain filosofoaren ikasle izan zen. Ingelesa ongi menderatzen baitzuen, interpretazio lanak egin zituen Lehen Mundu Gerran. Bizikizun haietatik sortu zuen lehen eleberria: Les silences du colonnel Bramble (1918, Bramble koronelaren isilaldiak), eta haren jarraipena: Les discours du docteur O’Grady (O’Grady doktorearen hitzaldiak). Ondoren, azterketa psikologikoan oinarrituta, Bernard Quesnay (1926) izeneko eleberria argitaratu zuen. Horren jarraian agertu ziren Climats (1928), Le cercle de famille (1932), eta L’instinct du bonheur (1934). Zenbait herrialderen historiari buruz sail bat osatu zuen, gero: Histoire de l’Angleterre (1937). Gauza bera egin zuen Frantziarekin (1947) eta Estatu Batuekin (1943). Bestalde, XIX. mendeko zenbait idazleri buruzko saiakera lanak idatzi zituen: Ariel ou la vie de Shelley (1923), Essai sur Dickens (1930), Essai sur Byron (1930), A la recherche de Marcel Proust (1949).