Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mauriac, François

Frantses idazlea (Bordele, 1885 - Paris, 1970). Bordeleko unibertsitatean eta Parisko École des Chartes-en egin zituen ikasketak. Lehendabizi olerkiak idatzi zituen (Les mains jointes; 1909, Esku elkartuak), eta geroago eleberriak, saiakerak, eta biografiak. Grinen eta ahulezien kontrako borrokan oinarritu zituen bere kontakizunak, eleberri psikologikoaren egiturari jarraituz: Génitrix (1923), Le noeud de vipères (1932, Sugegorri korapilloa, E. Urruzolak, “Uxola” euskarara itzulia), Thérèse Desqueyroux (1927, Xipri Arbelbidek euskaratua), La fin de la nuit (1935, Gauaren bukaera). Bigarren Mundu Gerran Forez ezizena erabili zuen bere gerra egunerokoa argitaratzeko: Le cahier noir (Koaderno beltza). Gerra ostean kazetaritzan aritu zen, batez ere. Bere artikuluak, 1952-1972 urte bitartekoak, Blocknotes izeneko lau liburukitan jaso zituen. Bestalde, saiakera ugari argitaratu zituen; sail horretan, Mauriac-en lan aipagarriena Vie de Jésus (1936, Jesusen bizitza) da. Katoliko suharra zen, eta bere lanetan grinen eta fedearen arteko gatazka ageri da. 1933an, Frantziako Hizkuntza Akademiako kide izendatu zuten. 1952an, Literaturako Nobel saria eman zioten.