Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maupassant, Guy de

Frantses idazlea (Château de Mirosmenil, Normandia, 1850 - Paris, 1893). Prusiaren eta Frantziaren arteko gerran parte hartu zuen. Gerra bukatu ondoren, armadako ministerioan lan egin zuen. Flaubert-en aholkuei eta zuzenketei esker hasi zen Guy de Maupassant literatura jardunean. Maupassant-en lehenengo kontakizuna Boule de suif (1880, Sebo pottor) izan zen, Les soirées de Médan (Médango iluntzeak) ipuin liburuan agertu zena. Naturalismoak izan duen idazle garrantzizkoenetako bat izan zen. 300 bat ipuin idatzi zituen, eta hainbat bildumatan argitaratu. Haietako batzuen izenak dira: La maison Tellier (1881), Mademoiselle Fifí (1882), Contes de la bécasse (1883, Oilagorraren ipuinak, Felipe Juaristik euskaratua), Miss Harriet (1884), Clair de lune (1884, Ilargiaren argi), Tonie (1885), Contes du jour et de la nuit (1885, Eguneko eta gaueko ipuinak), Le Horla (1887), Monsieur Parent (1889), La main gauche (1889, Esku ezkerra). Horiez gainera, sei eleberri idatzi zituen: Une vie (1883, Bizitza bat), Bel-Ami (1885), Maupassant-en eleberri nagusia; Mont-Oriol (1887), Pierre et Jean (1889), Fort comme la mort (1889, Indartsu heriotza bezala), Notre coeur (1890, Gure bihotza). Hori izan zuen azkeneko obra, hura argitaratu ondoren heriotzara eraman zuen eromen bidean sartu baitzen. Eguneroko gauzak dira Maupassant-en gai oinarriak, begirada ezkorraren ikuspegitik azalduak, xehetasunerako ardura bereziarekin.