Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mascolo, Dionys

Frantses idazle eta filosofoa (1914 - Paris, 1997). Nazien nagusitasunaren kontra borrokatu ziren intelektualen taldeko kidea eta aitzindaria izan zen, Edgar Morin, Maurice Blanchot, Georges Bataille, Maurice Nadeau eta Marguerite Durasekin batera. 1946. urtean Alderdi Komunistako kide egin zen, baina handik hiru urtera utzi zuen alderdiko militantzia. 1953an Le Communisme liburua argitaratu zuen; liburu horretan komunismoa finkatu beharra azpimarratu zuen, baina, aldi berean, hori ezinezkoa zela aitortu zuen. De Gaulle jeneralaren erregimenaren etsai sutsuenetakoa izan zen, batez ere bere iritzian De Gaullek Frantzia demokratikoa diktadura presidentzialistara eraman zuen estatu kolpea jo zuenez gero. 1960. urtean Aljeriako gerraren kontrako 121en manifestuaren bultzatzailea izan zen; handik denbora gutxira bere gain hartu zuen Intsumisioaren Eskubideari buruzko Aitorpena idazteko ardura. Ezkerreko sistema politiko-sozialei buruzko gogoeta nabarmentzen da Mascoloren lanetan, Autour d'un communisme de pensée (Komunismo teorikoari buruz), bere azken obraren izenburuak eta edukiak aditzera ematen duen bezala.