Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Martins, Peter

Daniar ballet dantzaria eta koreografoa (Kopenhage, 1946). Danimarkako Errege Balleteko dantzari gisa eman zion hasiera bere karrerari, 1964. urtean, eta handik hiru urtera, 1967an, talde hartako dantzari nagusi izendatu zuten. Urte hartan dantzatu zuen lehen aldiz New York City Ballet taldearekin, George Balanchineren zuzendaritzapean; 1970. urtean ballet hartako kide egin zuten, dantzari nagusi gisa hain zuzen ere. Peter Martinsen azken lanetako koreografiak Balanchinek prestatu zituen gehienak, eta haren eraginez hasi zen Martins bera koreografia lanak egiten. Bere lehenengo koreografia, Calcium Light Night, New Yorken estreinatu zen 1978an. 1981ean New Yorkeko ballet konpainiaren ballet maisu bihurtu zen. Hurrengo urtean, Balanchine hil baino hilabete lehenago, Martinsek eta Jerome Robbins koreofrago estatubatuarrak hartu zuten haren lekua, balleteko maisukide tituluarekin. Martinsek hurrengo denboraldian utzi zuen bertan behera dantza, baina irakasle gisa jarraitu zuen lanean 1989an Robbinsek erretiroa hartu zuenez gero. Bere lanen artean aipagarriak dira Pianoko bi solorako kontzertua (1982) eta Shubertiad (1984).