Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Marivaux, Pierre Carlet de Chamblaine de

Frantses idazlea (Paris, 1688 - Paris, 1763). Familia aberats batean jaio zen. Idazten eta literatura ikertzen aritu zen bizitza guztian, gustuz hasieran eta beharrez ondoren, ondasun guztiak galdu zituenean. 1743an Frantziako Akademiako kide aukeratu zuten. Maitasunaren psikologiarekin zerikusia zuten gaiak erabili zituen bere idazkietan. Bi eleberri idatzi zituen: La vie de Marianne (1731-41, Marianaren bizitza) eta Le paysan parvenu (1736, Laborari aberastua). Baina Marivaux-ren garrantzia antzerkiari lotua dago. Frantziako Komediak antzeztu zituen Marivaux-ek idatzitako antzerki lan gehienak. Horietako batzuk: Arlequin poli par l’amour (1722, Maitasunak findutako arlekina), La surprise de l’amour (1722), Le jeu de l’amour et du hasard (1730, Zoriaren eta maitasunaren jokoa) bere komedia nagusia; La mère confidente (1735, Ama isilmandataria), Les fausses condidences (1737), La femme fidèle (1755), eta Les acteurs de bonne foi (1757, Asmo oneko antzezleak). Marivaux-ek Commedia dell’ arte-tik hartu zituen bere pertsonaiak, eta geroko hainbat idazleren lanen aitzindari izan zen, Laclos, Sade eta Pirandellorena, esaterako.