Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mark, Mack

Austriar arkitektoa (Judenburg, 1949). Steiner & Partenersentzat lan egin zuen Zurichen, eta 1971n Hans Holleinen estudioan sartu zen, Vienan. Vienako arkitekturak ez zuen, ordea, gogobete, eta Haus Suckerren diseinuek erakarrita, New Yorkera bidaiatu zen harekin 1973an. Gero E. Ambaszekin lan egin zuen, eta 1975ean San Franciscora aldatu zen; Western Addition eliteko arkitektura erakundea sortu zuen han. 1978an Andrew Boteyrekin bat egin eta estudio bat antolatu zuten. Enkargu ugari egin zituzten, eta Archetype Magazine aldizkaria sortu zuten. Marken obra Boteyrekin bat egin zuenean hasi zela esan daiteke. Neoprimitibismoan oinarrituriko lanak egin ditu, amerikar diseinuan europar arrazionalismoa eta klasizismoa txertatuz. Lehen aldian Wrighten diseinuen eragina eta Palladioren villena sumatzen da Tanen (1978), Kirling (1979-1980), Hildebrant (1982) etxeetan, eta Erromako inperioko arkitekturarena Holt (1980) etxean, esaterako. Minimalismoaren kutsua ere ageri du. 1984an Boteyrengandik banandu zenetik, Markek arkitektura autokritikoagoa egin zuen, neoprimitibismotik urrundu eta diseinu pertsonal eta irudimentsuagoak erabili zituen, adibidez Gehrardt etxean (Sausalito, Kalifornia, 1987); Whitney-n (Santa Monica, Kalifornia, 1986) eta Baum etxean (Breteley, Kalifornia). Arkitektura urbanoarekiko arreta ere erakutsi du; Summers etxean esaterako (Santa Monica, 1989-1990), jarduera publikoan eta oinezkoetan oinarrituriko urbanizazio berrien joerei jarraitu zien. Aipagarriak ditu, orobat, herri lanak, etxe lorategiaren ereduari jarraituz eginak, adibidez Children´s Center for the Arts, Condlestick Point Park, Kashii barrutia (Japonia, 1989), etab.