Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mariana uharteak

Mikronesiako uharteak, mendebaleko Ozeano Barean, Filipinetatik ekialdera; 477 km2 eta 22.600 biztanle. Hiriburua: Saipan. Sumendi jatorriko 14 uhartek osatzen dute uhartedia. Gaur egun mikronesiar arrazako bertakoak besterik ez dira bizi han. Kokondoak, arrantza eta arroza dituzte bizibide nagusiak. Meatzeak, bauxita eta fosfatoak.  v  Historia. Magallanesek aurkitu zituen 1521ean, eta Lapurren uharteak edo Velas Latinas izena eman zitzaien. 1668an jesuitak, Mariana Austriakoaren laguntzarekin, uharteak kristautzen hasi ziren, eta haren omenez eman zitzaien izen berria. Espainiak Alemaniari saldu zizkion 1899an. Lehen Mundu Gerraren ondoren Japoniak izan zuen uharteetako aginpidea, Guam uhartekoa izan ezik, eta 1947an Estatu Batuen eskuetan geratu ziren, NBEren aginduz. 1978an Estatu Batuen barruan sartu ziren, estatu gisa, Guam uhartea izan ezik.