Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Marcus, Rudolph

Estatu Batuetako kimikaria, jatorriz kanadarra (Montréal, 1923). McGill Unibertsitatean egin zituen ikasketak, baina 1949an Estatu Batuetara aldatu zen eta hango hiritartasuna eskuratu zuen 1958an. Hainbat unibertsitateko irakasle izan da, besteak beste Brooklyngo Institutu Politeknikoan (1951-1958) eta Illinoiskoan (1964-1978); 1978az gero Kaliforniako Teknologia Institutuan aritu da, katedradun gisa. Sistema kimikoetako elektroien transferentziazko erreakzioen teoriaren inguruan egindako ekarpenengatik da, batez ere, ezaguna. Prozesu kimiko oinarrizko horretarako ezarri zuen ereduaren arabera, molekulen egituran gertatzen dira bi molekulen artean elektroi baten transferentzia gerta dadin behar diren aldaketak, eta aldaketa horiei esker jauzi egiten du elektroiak molekula batetik bestera. Bestalde, aldaketa horiek sistema molekularraren energian duten eragina ikertu zuen adierazpen matematiko sinpleak erabiliz, eta horrela kalkulatu eta azaldu zituen elektroi transferentzietan gertatzen diren lastertasun desberdinak. 1992an Kimikako Nobel saria eskuratu zuen, erreakzio kimikoen elektroi transferentziari eta erreakzio kimikoen lastertasun desberdintasunari buruz egindako lanengatik.