Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Marcos, Imelda

(Jaiotza izena, Imelda Visitación Romuáldez; “Burdinazko tximeleta” deitua). Filipinar politikaria (Manila, 1929). Irakasle ikasketak egin zituen. 1945ean Ferdinand Marcos diktadore filipinarrarekin ezkondu zen, eta berebiziko eragina izan zuen senarraren karrera politikoan, 1965ean hark lehendakaritza eskuratu zuenez gero bereziki. Senarra lehendakari izan zen urteetan hainbat kargu politiko eskuratu zituen; 1982an Nazioko Batzorde Eragileko kide izendatu zuten, besteak beste. Baina 1986an, hauteskundeak galdu ondoren sortu ziren istiluen eraginez, ihes egin behar izan zuten eta Honolulu, Hawai eta Estatu Batuetan bizi izan da harrezkero. 1988an iruzurra egin izanagatik epaitua izan zen, senarrarekin batera. Filipinetako nazioari dirua lapurtu izana leporatu zieten, eta Ipar Amerikako bankuei iruzur egin izana. Libre atera zen, baina geroago isuna ordaindu behar izan zuen Filipinetan senarraren agintaldian hildako oposizioko kideen familien kalteordain gisa. 1991n sorterrira itzuli zen, baina iritsi eta hurrengo egunean atxilotu zuten, ustelkeriako 80 kasu baino gehiagotan zerikusia zuelakoan. 1992an estatu buruzagitzarako hauteskundeetarako hautagai aurkeztu zen, bere senarrak sorturiko Gizarte Berriaren Higikundearen zerrendetan (KLB). 1993an hemezortzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eroskeria delituaren errudun gisa, nahiz eta fiantza ordainduta libre gelditu zen.