Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Manuel Antonio

(Jaiotza izena Manuel Antonio Pérez Sánchez). Galiziar olerkaria (Rianxo, 1900 - Asados, La Coruña, 1930). Pilotu ikasketak egin zituen eta bidaiak egin zituen itsasontziz, Afrikan eta Ameriketan barrena. Itsasoak eragin handia izan zuen bere lanetan. Literatura hezkuntza modernista izan bazuen ere, XX. mendearen hasieran Galiziako lirikan izan ziren abangoardietako olerkari nagusia izan zen, ultraismoaren bidetik. Manuel Antonioren eraberritze asmoaren adierazgarri da A. Cebreirorekin batera idatzi zuen Máis alá (Harantzago) izeneko aldarrikapen testua. Bizi zela, De catro a catro, follas sin data de un diario de abordo (1928, Lauretatik lauretara, K. Izagirrek eta I. Aranbarrik euskaratua) izeneko olerki liburua argitaratu zuen. 1929an, lehorreratu beharra izan zuen, tuberkulosiak jota. Handik urtebetera hil zen. 1972an, Manuel Antonioren olerki guztiak agertu ziren Poesías izenburupean, aipatutako liburuaz gainera, beste hiru bilduta: Con anacos do meu interior, Foulas eta Sempre e mais despois.