Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mansfeld, Ernst

Alemaniar militarra (Luxenburgo, 1580 - Rakovitza, Bosnia, 1626), Peter Ernst Mansfeld-eko kondearen ezkontzaz kanpoko semea. Sasikoa zela eta, ezin izan zuen aitaren oinordeko izan. Protestante egin eta, condottieri gisa, alemaniar printzeen alde borrokatu zen Hogeita Hamar Urteko gerran (1618-48). Frederiko V.a Palatinatuko hauteslearen alde borroka egin zuen Bohemian, baina galtzaile atera zen Mendi Zuriko guduan (1620). Hurrengo bi urteetan, baina, Palatinatu Garaiaren eta Beherearen zerbitzura, garaile izan zen, eta Tilly buruzagi katolikoa menderatu zuen Wiesloch-en 1622an. Ondoren, Mansfeld, bere aliatuekin batera, Herbehereen zerbitzura jarri zen; Espainiako gudarosteak menderatu zituen Fleuresen (1622) eta Frisiako ekialdea bereganatu zuen (1624). Gero Danimarkako Kristian IV.aren alde egin zuen, baina Wallensteine austriarrak menderatu zuen Dessau-n (1626). Handik gutxira hil zen, Veneziarako bidean.