Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Malaga

Andaluziako hiria, izen bereko probintziako hiriburua, Mediterraneo itsasoaren kostaldean. Guadalmedina ibaia iragaten da hiritik; 503.251 biztanle (1.981) eta 405,46 km2. Alde zaharra Erdi Arokoa eta Berpizkunde garaikoa da; Alcazaba eta katedralaren inguruan dauden labirintu itxurako kale estuz osatua dago. Beste auzoak XIX. mendekoak dira. Guadalmedina ibaitik mendebalera daude XIX. mendeko industrializazioan sortutako langile auzoak (Trinidad, Perchel eta Huelin), eta Torremolinosko autobidearen parean auzo berrienak. Alcazabaren eta arrantzaleen auzo zaharraren artean daude La Caleta, El Limonar eta Miramar auzoak.  v  Ekonomia. Portuak garrantzi handia du Malagako ekonomian; arrantza eta merkataritza bideratzen ditu eta Marokorekiko lotune nagusia da. Industria alor nagusiak: ehungintza, siderurgia, kontserbak, ontzigintza, kimika industriak (beruna, zementua eta plastikoak); nekazaritza (ardoa, azukrea, olioa); merkataritza eta turismoa (Campanillas eta Torremolinos garrantzi handiko turismoguneak dira).  v  Historia. Feniziarrek sortu zuten Malaca zaharrean du jatorria Malagako hiriak. Taifa erresumako hiriburu izan zen Kordobako kalifatoa desagertu zenean. Espainiako Errege-erregina Katolikoek 1487an konkistatu zuten. Ondorengo urteetan beherakada handia izan zuen Malagak, 1765ean Ameriketarako merkataritza harremanen askatasuna indarrean jarri zen arte. 1810ean frantsesak hiriaz jabetu ziren. XIX. mendean Andaluzia ekialdeko portu garrantzitsuena izan zen Malaga. Espainiako Gerra Zibilaren garaian Errepublikako gobernuaren eskuetan egon zen 1937ko otsaila arte.  v  Artea. Antzokia da erromatarren garaitik gorde den monumentu bakarra, eta bisigodoen garaitik San Pedro de Alcantarako eliza (VI. mendea). Musulmanek atarazana izenekoak eraiki zituzten, baina gaur egun atea eta Alcazaba izenekoa baizik ez dira geratzen. Hiriaren goialdean Gibralfaroko gaztelua (XIV. mendea) dago, pasabide harresitu baten bitartez Alcazabarekin lotua. Katedrala eraikitzeko lanak 1522an hasi ziren.