Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maki, Fumihiro

Japoniar arkitektoa (Tokio, 1928). Bere jaioterrian eta ondoren Michigango Arte Akademian eta Harvardeko Unibertsitatean ikasi zuen arkitektura. J.L. Sert-en estudioan lan egin ondoren, bere lantegia jarri zuen Tokion (1965). Metabolistak abangoardiako higikundeko arkitektoa izan zen Kikutake edo Kurokawarekin batera. Hala ere, ez zen haiek bezain utopikoa izan. Makiren arkitektura formala da, ez oso tradizionala. Lerro zuzenak, poligonoak eta forma lauak erabiltzen ditu. Ezaugarri horiek argi ikus daitezke Tokioko Hillside Terrace etxeetan (1969-1978) edota Kumagayako Rissho Unibertsitateko campusean (1967-1968). Makiren lan abangoardistenen artean aipatzekoa da Spiral Halleko eraikin postmodernoa: adreilu, xafla eta beirazko eraikina da, eta arkitektoak hainbat prisma, forma eta material desberdin erabiltzen ditu horma laua eteteko. Makiren garrantzizko beste lan batzuk hauek dira: Kato Gakuen Eskola Numazun (1972), Austriaren enbaxada Tokion (1876) eta Arte Modernoko Museoa Kioton (1978).