Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Makhmalbaf, Mohsen

Irandar zinema zuzendaria (Teheran, 1957). Xah-ren kontrako talde bateko kide zela espetxeratu egin zuten 1974. urtean eta bost urtera zigortu zuten polizia bat jotzeagatik. Espetxetik irten zenean (1979) politikan jarraitu zuen, eta aldi berean irratian hasi zen lanean gidoilari gisa eta baita literaturan ere. Arte eta Pentsamendu Islamistak zabaltzeko Zentroaren sorreran parte hartu zuen, eta zinemaren bideari ekin zion, bide egokia baitzen bere pentsamendu etikoak eta filosofikoak adierazteko. Zineman bosgarren filma egin zuen arte, Dastforush (1987) hain zuzen ere, ez zuen Irango kritika erakartzerik lortu. Une horretatik aurrera, mundu osoan ezagutzen hasi zen hainbat lanen bidez: Baysikelran, Arusi-e khuban (1989), Nobat-e asheqi (1990) eta Shabha-ye Zayandeh Rud (1991; azken biak oraindik debekatuta daude Iranen). Arazo gutxiago emango zizkion gaien bila komedia satirikoaren bideari ekin zion: Ruzi ruzegari cinema (1992) eta Honarpishe (1993) filmak dira horien erakusgarri. Salaam cinema (1994) eta Nun va goldun (1996) lanek errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak aztertzen ditu. Gabbeh lanarekin lortu zuen Makhmalbafek ospe gehiena, eta horixe izan zen hain zuzen nazioartean ere arrakasta handien izan zuena. Lan horren ondoren, Isiltasun (1998) egin zuen, hori ere arrakasta handikoa.