Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Makarios IIIa

(Jaiotza izenez Mikhail Khristodoulos Mouskos). Zipreko politikari eta elizgizona (Ano Panaia, 1913 - Nikosia, 1977). Ikasketak Atenasen egin zituen; 1946an apaiztu zen, eta 1948an Kitiongo apezpiku izendatu zuten. Zipreko greziar biztanleek eskatzen zuten Zipreren independentziaren eta Greziarekiko batasunaren eragile nagusia izan zen. 1950ean Zipreko artzapezpiku eta buruzagi izendatu zuten. Britainiarrei bortxa gabe aurre egitearen aldekoa zen eta uko egin zion EOKA erakundearen borroka armatuari. 1956an Seychelle uharteetara erbesteratu zuten. 1957an Ziprera itzuli zen eta 1959ko abenduan Zipreko estatuburu egin zuten. Zipreko greziarren eta turkiarren arteko gatazketan bitartekari lanak egin zituen. 1968an eta 1973an lehendakari izan zen berriro ere. 1974an greziar koronelen estatu kolpeak aginpidea kendu zion; urte hartako abenduan Ziprera itzuli zen eta aginpidea eskuratu zuen.