Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Madrid, Juan

Espainiar eleberrigilea eta kazetaria (Malaga, 1947). Filosofia eta Letrak ikasi zituen Madrilen eta Salamancan, eta azken hiri horretako unibertsitatean gaur egungo historiako lizentzia lortu zuen. Polizia gaien kronikagile gisa egin zen ezaguna, eta gaur egun oraindik ere hainbat komunikabidetan lan egiten du. Eginbide horretan lortu zuen material eta esperientzian oinarrituta idatzi zuen lehenengo polizia eleberria, Un beso de amigo (1980, Adiskide musua). Ondoren idatzi zituen: Las apariencias no engañan (1982, Itxurek ez dute gezurrik esaten), Regalo de la casa (1986, Etxearen oparia), El ángel de la muerte (1989, Heriotzaren aingerua), Días contados (1993, Egun zenbatuak) —Imanol Uribek 1994an zinemaratu zuena— eta Cuentas pendientes (1996, Zintzilik dauden kontuak). Bestalde, literatura genero berekoak ditu haur eta gazteentzako hainbat lan, hala nola Hotel Paraíso (1987, Paradisu hotela), Cuartos oscuros (1993, Gela ilunak) eta Los cañones de Durango (1996, Durangoko kanoiak). Horrez gainera, hainbat telesailetarako gidoiak egin ditu, besteak beste, Brigada central sailerako. 1994an Crónicas del Madrid oscuro (1994, Madril iluneko kronikak) idatzi zuen, Madrilgo pertsonaia baztertuei buruzko ipuin sorta.