Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Madhya Pradesh

Indiako erdialdeko estatu federatua; 442.841 km2 eta 52.179.000 biztanle (1981). Ganges ibaiaren zabaldiaren hego-mendebalean eta Dekkan-eko goi-ordokiaren iparraldean dago. Narbadako sakanak zeharkatzen du estatua ipar-ekialdetik hego-mendebalera. Narbadako sakana da, hain zuzen, Ganges ibaiaren eta Arabiako itsasoaren arteko igarobidea. Montzoi haizeak eragindako klima du. Jabalpur-en batez beste 17 °C-ko tenperatura izaten da urtarrilean, eta 26 °C-koa uztailean. Urtean, batez beste 1.462 mm euri egiten du eta oihanek lurralde osoaren % 40 hartzen dute. Oso jende gutxi bizi da Madhya Pradesh estatuan. Biztanle gehienak indoeuroparrak dira eta hindustania da gehien hitz egiten den hizkuntza. Erlijio hedatuena hinduista da (% 90,9), eta musulmana ondoren (% 4,1). Indaor, Jabalpur eta Bhopal, hiriburua, dira hiri nagusiak. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (laboreak, arroza eta artoa, eta ondoren azukre kanabera, oliorako haziak, kotoia, platanoak eta tabakoa), abere hazkuntza (behiak, ardiak), meatzaritza (ikatza, burdina, manganesoa, bauxita, urrea, diamanteak, fosfatoak, etab.), industria (siderurgia, metalurgia, aluminioa, automobilgintza, ehungintza, papergintza, tresna elektrikoak, etab.) dira. Hamaika unibertsitate daude, baina analfabeto proportzio handia dago oraindik; 1981ean 14 milioi lagunek bakarrik zekiten irakurtzen eta idazten.