Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mackenzie

Ameriketako ibaibidea, Kanadako ipar-mendebalean. Bi adarrek osatzen dute: Stikine mendietan sortzen den Finlay ibaiak, eta Columbia menditik (3.747 m) gertu sortzen den Athabasca ibaiak. Athabasca aintziran biek bat egiten dute, eta han sortzen da Slave ibaia. Aintzira Handitik aurrera Mackenzie izena ematen zaio. Bitarte horretan ontziz ibil daiteke. Eskuinaldetik Hartzen Aintzira Handiaren ura hartzen du, eta bokale zabal batean itsasoratzen da, Mackenzieko badian, Beaufort itsasoan (Artikoan). Mackenzie izenaz ezagutzen den ibaiaren luzera 1.902 km-koa da, baina Finlay-Mackenzierena 4.045 km-koa eta Athabasca-Mackenzierena 3.448 km-koa. Urritik apirilera bitartean izozturik egoten da, eta maiatzetik uztailera ezin da ontziz ibili Hartzen Aintzira Handitik aurrera. Ibaiak 1.760.000 km2 tako arroa eratzen du. Arroa osoan oso biztanle gutxi da; aberastasun iturriak ere gutxi eta oso barreiatuak dira.