Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lloyd, George David

Britainiar politikaria (Manchester, 1863 - Llanystumdwy, Carnavonshire, 1945). Galestar familia bateko semea zen eta zuzenbideko ikasketak egin ondoren diputatu hautatu zuten alderdi liberalaren eskutik (1890). Abertzale sutsua eta erradikalismoaren jarraitzailea zen garai hartan eta gogor kritikatu zuen Ingalaterrak boerren auzian izandako jokabidea. Alderdi liberaleko buruzagi izan zen, merkataritzako ministro (1905-1908) eta Exchequer-eko kantzelari (1908-1915) izendatu zuten. Aberatsen zergak igo zituen eta jauntxoen haserreaz baliatu zen haiek zuten aginpide maila 1911ko legearen bidez murrizteko. Bakezalea zen baina Belgikako inbasioak (1914) erabat aldarazi zuen bere politika eta Munizioetako ministro (1915-1916) eta Gerrakoa izendatu zuten (1916) kontserbadoreekin bat eginik. 1916an Lehen Ministro izendatu zuten eta zuhurtasun handiz gidatu zuen Ingalaterra garaipena lortu arte. Lehen Mundu Gerra amaitutakoan arazo handiak izan zituen aliatuekin bake negoziaketak zirela eta. Barne arazoak ere larriagotu egin zitzaizkion eta Irlandaren burujabetasuna onartu behar izan zuen (1921). Kontserbadoreek alde batera utzi zuten, eta orduantxe hasi zen alderdi liberalaren gainbehera.