Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Luhmann, Niklas

Alemaniar soziologoa (Lüneburg, 1927 - 1998). Soziologia eta administrazio zientziak ikasi zituen Harvardeko Unibertsitatean, eta ondoren Dortmund, Münster eta Bielefeld-eko unibertsitateetako irakasle izan zen. Luhmannek soziologiaren eta filosofiaren alorrean egin dituen lanen helburua da munduaren konplexutasun gehiegizkoa nabarmentzea eta argitzea, eta horretarako teoria sistema konplexu bat osatu zuen, gaur egungo gizakiaren arazoei erantzun orokorra eman nahi diena. Arnold Gehlen filosofoak eraginda, kanpoko mundua pisu moduko bat dela gizakiarentzat eman nahi du aditzera Luhmannek, eta mundu hori azaltzeko osatutako teoria berezi batek argituko duela soilik. Teoria horiek mundua erakunde konplexu bat bezala, aukera asko dituena, azaldu behar dute. Gai horrez gainera, Luhmann-ek beste gai batzuk ere landu zituen, hala nola konfiantza gizartea eraikitzeko mekanismo gisa, eta boterea komunikazio modu bezala. Luhmanek liburu oso konplexuetan argitaratu zituen bere lanak. Nagusiak hauek ditu: Sistemen helburua eta arrazionaltasuna, Maitasuna grina gisa, Gizarte sistemak, Gizartearen zientzia eta Teoria orokor baten ildoak.