Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lugones, Leopoldo

Argentinako poeta (Rio Seco, Córdoba, 1874 - Buenos Aires, 1938). Argentinako idazle handiena izan zen bere garaian eta eragin handia izan zuen ondoko idazle gazteengan, Jorge Luis Borgesengan, esate baterako. Sozialista zen eta 1897an La Montaña izeneko egunkaria sortu zuen Buenos Airesen. Literatura alorrean, Ruben Darío poeta nikaraguarrak gidatzen zuen talde modernistako kide izan zen eta poema bilduma garrantzitsu bat eman zuen Las montañas de oro izenpean (1897, Urrezko mendiak). Los crepúsculos del jardín (1905, Lorategiko arratsak) eta Lunario sentimental (1909, Ilargi almanaka sentibera) bildumak argitaratu zituen ondoko urteetan. 1911-1914 urteetan Parisen bizi izan zen, eta hasierako sozialismotik joera nazionalista baterantz jo zuen, estetika modernista nazio gaietara loturiko erralismo bihurtu zen neurrian. Aldaketa erabatekoa izan zen bere El libro de los paisajes (1917, Ikuspegien liburua). Cuentos fatales (1924, Patuaren ipuinak) ipuin bilduman eta El ángel de la sombra (1926, Itzalpeko aingerua) obran nazio gaiak erabili zituen. Lugones Argentinako Hezkuntza Batzordeburu izan zen 1914-1938 urteetan eta Argentinako ordezkari Nazioen Ligan 1924an. Greziako kultura klasikoa ikasi eta landu zuen eta Iliada eta Odisea gaztelerara itzuli zituen.