Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lugo

Galiziako Autonomia erkidegoko hiria eta izen bereko probintziako hiriburua, probintziaren erdialdean, Miño ibaiaren goi arroan. 77.728 biztanle. Hizkuntzak, galegoa eta gaztelania. Apezpikutegia. Nazioarteko aireportua. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (garia, garagarra, patatak, barazkiak, bazkarako landareak) eta haren inguruan sorturiko industria (nekazaritzarako makineria, janari industria) dira. Aipagarri dira, besteak beste, erromatarren garaiko harresiak, XII. mendeko katedral gotiko-barroko-neoklasikoa, XVI. mendeko udaletxea eta San Frantzisko eliza gotikoa.  v  Historia. Lucus Augusti hiri erromatarra zen Lugo. V. mendean bisigodoek hartu zuten eta suevoek geroago, eta Bragako hiriarekin batera Gallaecia-ko hirialde nagusietakoa izan zen. 559 eta 560 urteetan arrianismoa eta Priscilianoren dotrinak esetsi zituzten kontzilioak egin ziren bertan. Muzak 714. urtean hiria konkistatu bazuen ere, Alfontso I.a Katolikoak 746. urtean berriro konkistatu zuenean kristauen esku geratu zen. X. mendearen bukaeran normandoek bipildu zuten. Erdi Aroan zehar nobleen, elizaren eta udal kontseiluen arteko iskanbilak nabarmendu ziren eta XV. mendean irmandiñoek aitonen semeen aurka egindako matxinadaren gune garrantzitsuenetakoa izan zen Lugo.