Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Los Angeles

Estatu Batuetako mendebaleko hiria eta portua, Kaliforniako estatuan, Ozeano Barearen ertzean, itsasertzeko mendikatearen oinetan. 3.485.398 biztanle. Hirialdeak (Los Angeles, Beverly Hills, Burbank, Hollywood, Culver City, Glendale, Inglewood, Long Beach, Santa Anna, Santa Monica, Torrance, Pasadena…) 10.000.000 biztanle inguru ditu. Unibertsitatea. Artzapezpikutegi katolikoa. Los Angeles Handia 50 kilometroz luzatzen da, itsasertzaren paraleloan. XIX. mendearen bukaeran aurkitu zituzten petrolio hobiengatik handitu zen hiria. Egun, 75 auzo biltzen ditu, eta Estatu Batuetako hiri handiek dituzten arazo bertsuak ditu honek ere, hots, kutsadura eta hiri orekarik eza. Los Angelesko barrutia lehen mailako industria, merkataritza eta kulturagunea da. Automobilgintza, petrolio findegiak, aeronautika, industria aeroespaziala eta zinemagintza (Hollywood, Culver City) dira Los Angelesko industria nagusiak. Bertako hondartzek ere turista asko ekartzen dute urtero. Los Angelesko metropolian estatubatuarrak ezezik, beltzak, txinatarrak, japoniarrak eta mexikarrak ere finkatu dira industria eta merkataritza hazkundeak erakarrita.  v  Historia. Los Angelesko hiria espainiarrek sortu zuten 1781ean baina 1846az geroztik Estatu Batuen mende geratu zen. Petrolioari eta bertan hasten diren bi burdinbideei (Southern Pacific, 1876; Santa Fe Railroad, 1885) esker indartu zen hiria XIX. mendearen bukaeran. Zinemagintzak eta industria aeronautikoak ere eragin handia izan zuten hiriaren hazkundean. Bertan egin ziren 1932 eta 1984 urteetako Olinpiar Jokoak.