Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Locke, John

Ingeles filosofoa (Wrington, Somersetshire, 1632 - Oates, Essex, 1704). Francis Bacon-en jarraitzailea izan zen eta, harekin batean, enpirismoa garatu zuen filosofo nagusia. Bestalde, haren ideia sozio-politikoek eragin handia izan zuten XVIII. mendeko pentsalari ilustratuen artean. Familia protestante batean sortu zen eta giza eta natura zientzietako ikasketak egin zituen. Shaftesburyko kondearen etxean mediku izan zen eta ondoren Frantzian egon zen (1675-1679). 1678an Holandara jo zuen, katoliko egin zen Jakue II.a Estuardoren beldur, eta 1689an itzuli zen Ingalaterrara Gillermo Orangekoa, protestantea, Ingalaterrako errege bihurtu ondoren. Titulu ofizialak izan zituen Lockek itzuli eta gero. Urte horretan berean eman zuen argitara Epistola de tolerantia (1689, Tolerantziari buruzko gutuna) erlijio sistema guztiek oinarri bera dutela eta, horrenbestez, erlijioaren aurrean askatasunez jokatzen utzi behar dela aldezten zuen obra. Ideia bertsuak zabaldu zituen beste alor batzuetara: Two Treatises of Government (1690, Bi tratatu gobernuari buruz) eta Some Thoughts Concerning Education (1693, Hezkuntzari buruzko gogoetak). 1690ean eman zuen argitara Lockek bere filosofia liburu garrantzitsuena: Essay Concerning Human Understanding (Giza ezagutzari buruzko saiakera). Lockek luzaroan aztertu zuen Descartesen filosofia arrazionalista eta hari erantzunez idatzi zuen enpirismoaren oinarriak guztiz zehazten zituen obra hau. Lockek zeharo ukatu zuen berezko ideiarik badenik, Descartesek argudiatu bezala, eta adimena esperientziaren bidez osatzen zela defendatu zuen. Bi aldi bereizi zituen ezagutza prozesuan: zentzumenen bidezko atzematea eta modu horretan atzemandako ideiei buruzko hausnarketa. Ideiak dira ezagutzaren helburua, baina ideia horiek hurbildu baizik ez dute egiten gogoa mundu objektibora. Lockeren arabera, teoria guztiak hipotesiak dira, ez egia osoak, eta horrenbestez beti izango da horiek aldatzeko aukera. Pentsamolde horrek guztiz oztopatzen zuen Jainkoaren izatea erakusteko bidea eta, hori zela eta, errebelazioari eta intuizioari ere lekua eman zien Lockek bere filosofian. David Humek muturrera eraman zituen Lockeren ideia enpiristak eta haren bidez eragin handia izan zuen Lockeren liberalismoak XVIII. mendeko Europako mendebaleko filosofia politikoan.