Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lobo, Baltasar

Espainiar pintore eta eskultorea (Zamora, 1910 - Paris, 1993). Valladolideko irudigintza lantegi batean hasi zen txikitan lanean, eta bertan jaso zuen lehen arte heziketa. 1927an Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Eskolan ikasteko beka bat lortu zuen. Gerra zibilaren ondoren, Parisera joan zen bizitzera, eta hango arte giroan murgilduta, Picasso pintorea eta Laurens eskultorea ezagutu zituen. Sormen lanari ekin zion bete-betean, eta 1958an lehen erakusketa banakakoa egin zuen. Horren ondoren, Europako hainbat hiritan erakutsi zituen bere lanak, eta munta handiko enkarguak jaso zituen, hala nola Annecy-ko Savoiar Monumentua (erresistentziaren alde borrokatu ziren espainiarren oroimenez) eta Caracasko unibertsitate hirian dagoen Amaetxe ospetsua. 1960an Espainiarekiko harremana berritu zuen, Madrilgo Gaur Egungo Arte Museoak 1940. urtetik aurrera egindako lanari buruzko erakusketa antolatu zionean. 1984an, León Felipe poetaren jaiotzaren mendeurrenean, haren omenezko monumentua egiteko enkargua jaso zuen. Bere eskulturetan bi gai nagusi errepikatu izan dira: amatasuna eta emakumearen irudia. 1984an Arte Plastikoetako sari nazionala jaso zuen.