Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lizoain

Nafarroako erdialdeko ibar eta udalerria (Zangozako merindadea). Mugak: iparraldean Erroibar eta Esteribar; ekialdean Artzibar eta Longida; mendebalean Eguesibar eta Aranguren, eta hegoaldean Itzagaondoa eta Urrotz. Garaiera, 539 m. 65,8 km2 eta 239 biztanle (lizoaindarrak). Herrigune hauek osatua da Lizoaingo udalerria: Beortegi, Galdurotz, Ilotz, Janaritz, Lerrutz, Leiun, Lizoain (herriburua), Mendiorotz, Ozkaritz, Erredin, Urotz, Urritzelki, Iheltz, Zalba eta Zuntzarren. Erro ibaiak iparralde hegoalde igarotzen du udalerria. Hizkuntza, gaztelania. Euskara XX. mendean zehar galdu da. Ekonomia jarduera nagusiak laborantza (garia, garagarra, mahatsa, patata, bazkarako landareak) eta abere hazkuntza (ardi azienda) dira (langileen % 80). Aipagarria da Erro ibaiaren gaineko Erdi Aroko zubia. 1845. urtean bihurtu zen udalerri.