Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lizarra

Nafarroako udalerria (Lizarrako merindadea). Estella-Lizarra du izen ofiziala. 1999ko datuen arabera, 12.607 biztanle ditu (lizarratarrak). Kontzeju hauek osatzen dute udalerria: Galbarra (herriburua), Gastiain, Narkue, Iribarri eta Biloria. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu mistoan dago. Ekonomia jarduera nagusiak industria (makina-lanabesa, ehungintza, eraikuntza, altzairugintza; beharginen % 55) eta zerbitzuak (merkataritza, garraio zerbitzuak, administrazioa, banketxeak; langileen % 43) dira. Aipagarri dira, besteak beste, XII. mendeko San Migel eliza erromanikoa, gotiko-zistertarraren eragina duena, XII. mendeko San Pedro Ruako eliza eta bertako klaustro gotikoa, Hilobi Santuko eliza erromaniko-gotikoa, San Joan Bataiatzailearen eliza eta bertako erretaula nagusia, San Pedro Lizarrako eliza (XVIII. mendean eraberritua) eta bertako erretaula nagusia, 1145. urtea arte sinagoga izan zen Santa Maria Jus del Castillo elizaren hondakinak, Santo Domingo komentu gotikoa, XIII. mendeko San Benito eta Santa Klara monasterioak (XVII. mendean zaharberrituak), Puiko eliza, XII. mendeko Errege jauregi erromanikoa, XVI. mendeko San Kristobal edo Fray Diego de Estella izenez ezaguna den etxea (egun Kultur-Etxea dena), Santuen etxea, XX. mendearen hasieran eraberritutako udaletxea, auzo judua, San Martin plaza, hura inguratzen duten garai desberdinetako jauregiak eta plaza erdian den XVI. mendeko harrizko iturri platereskoa, harresi zaharreko San Nikolas atea eta Ega ibaiaren gaineko Erdi Aroko zubi zaharberritua.  v  Historia. Logroñotik Iruñera zihoan harbide erromatarrak zeharkatzen zituen egungo Lizarraldeko lurrak, baina garai hartan Lizarran egon zitekeen herrigunearen lekukotasunik ez da gorde. VIII. mendearen hasieran, Lizarraldeko lurretaraino (Deierri garai hartan) iritsi ziren musulmanak, baina garrantzirik gabeko herrigunea bide zen Lizarra garai haietan. 1024. urteko dokumentu batean aipatzen da Lizarrako gaztelua lehenengo aldiz, Iratxeko monasterioari loturik. Gaztelu haren inguruan egituratu zen Lizarrako lehen herrigunea. 1090. urtean sortu zuen Antso Ramirez Nafarroako erregeak Lizarrako bigarren auzoa, eta baimena eman zien frankoei eta juduei bertan bizitzeko eta foru berezi batez hornitu zuen hiri berria (garrantzi handia izan zuen Lizarrako foruak, hiri berri askori eman baitzitzaion haren araberako hiri gutuna XII. mendetik aurrera). XII. mendean hiru herrigune nagusi egituratu ziren Lizarrako hirian: nekazaritzari loturik iraun zuten nafarren edo bertako biztanleen herrigunea, franko artisau eta merkatarien auzoa, eta aljama edo auzo judua. Juduek osatu zuten inondik ere auzo gotorrena, harresi berezi bat eraiki baitzuten aljamaren eta sinagogaren inguruan. Beste bi auzoak ere banatuta zeuden. XII. mendean hiri garrantzitsua zen Lizarra; bertatik igarotzen zen Santiagoko Bidea eta, merkatari eta eskulangile hiria zen arren, ez zuen kutsu militarra galdu. Bestalde, Iratxeko monasterioaren itzalpeko hiria zen eta nagusigo hori ez zuen luzaroan galdu. XII. mendearen bukaeran auzo berriak sortu ziren; haietan biztanle gehienak nafar euskaldunak ziren; 1266an hirigune eta lege bakar batera bildu ziren Lizarrako biztanle guztiak; Teodebaldo II.aren aginduz, harresiak bota eta biztanleek jatorriaren arabera legearen aurrean zituzten berezitasunak desagertu ziren. Ez ziren horratik etorki desberdineko biztanleen arteko liskarrak erabat amaitu. Juduen aurkako kanpaina latzak izan ziren. XIV. mendearen hasieran Pedro de Ollogoyen fraide frantziskotarrak juduen aurkako programa bat hasi zuen Nafarroa osoan eta 1328an hilketa handiak egin ziren Lizarrako aljaman, eta guztiz murriztu zen biztanle juduen kopurua. XIV. mendean Nafarroako hiri nagusia zen Lizarra, garrantzia zuen politika mailan eta Gaztelako koroak aspaldian gutiziaturiko gune militarra zen. 1378an Frantziako erregearen lagun ziharduen Henrike II.a Gaztelako erregearen osteek setiatu zuten, XV. mendearen hasieran bizirik zirauten Lizarrako familia handien arteko (Leartza eta Ponz) liskarrek, eta ordenantza berezi batzuk eman behar izan zituen Karlos III.ak haiei amaiera emateko. 1451n, agramondarren eta beaumontarren arteko gatazka guztiz larritu zenean, lizarratar gehienek agramondarren alde jo zuten. Blanka Nafarroakoaren alde ziharduten Gaztelako osteek setiatu zuten Lizarrako hiria, baina huts egin zuten saioan. 1475ean beaumontarrak nagusitu ziren Lizarran. Urte hartan bertan uholde batek hirialde preziatuena eraman zuen (uholde ugari jasan ditu Lizarrako hiriak historian zehar). 1512an Gaztelako osteen mendean geratu zen Lizarra, Nafarroako hiri nagusi guztiak bezala, eta 1572an bota zuten bertako gaztelu zaharra. Nafarroa Garaia Gaztelako koroaren mendean geratu ondoren, Lizarrako hiriak arras galdu zuen politika mailako garrantzia eta XVII. mendetik aurrera, merindadeko hiri nagusia baizik ez zen izan. Napoleonen aurkako gerran (1808-1813), Mina gerrillariaren eta gudaroste frantsesaren arteko borrokagune izan zen, eta zapalkuntza gogorra nozitu zuen. Lehen karlistadan (1833-1839) Zumalakarregik Lizarran antolatu zuen karlisten kuartel nagusia. 1839an Lizarran hilarazi zituen Maroto jeneral karlistak Carmona, Guergue, Uriz eta Ibañez jeneralak, karlistak beraiek ere, eta hori izan zen Bergarako besarkadaren, gerra haren bukaerako lehenengo ekitaldia. Bigarren karlistadan (1873-1876), 1873ko abuztuan karlistak Lizarrako hiriaz jabetu ziren, setio gogor baten ondoren, eta han jarri zuen Karlos Borboikoak errege izan nahi zuenak, bere gortea. Setio askoren ondoren, 1876ko otsailean sartu ziren liberalak. XIX. mendearen bukaeratik aurrera, talde abertzale sendo bat gorpuztu zen Lizarran, Euzko Alderdi Jeltzalearen inguruan, Irujo familia nagusi. 1931ko ekainaren 14an, Eusko Ikaskuntzak deituta Hego Euskal Herriko udal guztietako ordezkariak bildu ziren Lizarrara, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren oinarriak jartzeko. Lizarrako Estatutua izenez ezagutu zen aurrerantzean testu hori; euskal udal gehienak alde azaldu ziren, baina Madrilgo gorteetan ez zuten onartu.