Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Litaize, Gaston

Frantses organista (Menil-sur-Belvitte, Vosges eskualdea, 1909 - Bruyères, 1991). Itsu jaio zen. Parisko Musika Kontserbatorioan ikasi zuen. Charles Tournemire, Louis Vierne eta Marcel Dupréren ikaslea izan zen. Hainbat musika lan konposatu zituen arren, organista gisa izan da gehienbat estimatua. Organo kontzertuak emateaz gainera, musikaren pedagogia landu zuen, eta hainbat lekutan eskolak eman zituen. Idatzi zituen musika lan aipagarrienen artean daude: Noël basque (1949, Euskal Gabonak), Vingt-Quatre Préludes liturgiques (1954, Hogeita lau preludio liturgiko), Grand-Messe pour tous les temps (1956, Garai guztietarako meza nagusia). Kanturako musika lanen artean ditu: Missa solemnior (1954) abesbatza eta organorako, Missa Virgo gloriosa (1959) hiru ahots misto eta organorako, eta Messe solennelle en français (1966, Vatikano II.a kontzilioaren ondoren frantsesez idatzitako lehenetarikoa).