Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Liszt, Franz

Hungariar musikagilea, pianista eta zuzendaria (Doborjan, Hungaria, gaur Raiding, Austria, 1811 - Bayreuth, 1886). Lehen piano kontzertua bederatzi urterekin eman zuen. 1821 urtean Czerny eta Salieri-ren ikasle izan zen Vienan. 1823-1835 urteetan Parisen Reicha eta Paër-en ikasle izan zen. Bere garaiko artista eta idazle askoren lagun izan zen: Berlioz, Chopin, Wagner, Victor Hugo, Lamartine, G. Sand eta Delacroix, besteak beste. 1848 urtean Weimar-eko gorteko kapera maisu izendatu zuten eta bertan egon zen 1859 urtea arte. Weimar-en Wagner (Lohengrin, 1850), Schumann, Berlioz, Mendelssohn, Weber eta Schubert-en musika lanak estreinatu zituen. Garrantzi handiko musikagune egin zuen Weimar-eko hiria. Garai hartan idatzi zituen Fausto (1853-1861) eta Dante (1856) sinfoniak; bizitzako aldirik emankorrena izan zuen hura. 1860 urtetik aurrerako musika lanek erlijioa dute gaitzat: Santa Isabelen kondaira (1862) eta Christus oratorioa (1866). 1869 urtetik aurrera Erroman, Weimar eta Budapest-en bizi izan zen. Bizitzako azken bost urteetan irakaskuntza izan zuen zereginik nagusiena. Siloti, Lamond, Rosenthal eta Weingartner ikasle izan zituen, besteak beste. Mende erdi batez liluratu zituen Liszt-ek musikazaleak pianoan zuen abileziagatik. Abiadura izugarria zuen eta indar handia. Musikagile gisa berrikuntzak egin zituen eta orkestrarako genero berri bat sortu zuen: poema sinfonikoa. Azken lanetan inpresionismoari eta espresionismoari aurrea hartu zien. Liszten ekarpenik handiena hizkuntza harmonikoa eta tonalitatea zabaltzea izan zen, eta XX. mendeko musikagile askori aurrerabidea erakutsi zien. Aipatutakoez gainera, bere lan aipagarrienak dira pianorako idatzitako Harmonia poetikoak eta erlijiosoak (1834-50), Joaldi traszendentezko estudioak (1838), hiru Kontzerturako estudio handi (1848), hobekuntza estudioak, Ab irato izenekoak, partitura ezagunei egindako transkripzioak eta haren garaiko opera famatuen barazioak (Bellini, Donizetti, Verdi), Rapsodia hungariarrak, Maitasunezko ametsak, baladak. Orkestrarako lanak hiru taldetan bereizten dira. Lehenak hamabi poema sinfoniko biltzen ditu, Prometheus (1850), Orpheus (1854-56) eta Hamlet (1859), besteak beste. Bigarren taldekoak sinfoniak dira koruekin batera eta hirugarrenean orkestrari trebetasun handiagoa eskatzen dioten lanak: Mefisto bals-a, Dibertimentua hungariar erara, Schubert-en martxak eta Rákóczy-ren martxa. Eliz musikaren barruan Gran-eko Meza (1855), Missa choralis (1865), Koroatze Meza Hungariarra (1867), kantatak, requiem bat eta organorako Misa pro Organo aipatu behar dira.