Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lippi, Fra Filippo

Italiar margolaria (Florentzia, 1406 - Spoleto, 1469). Florentziako eskolako Berpizkundeko margolari nagusietakoa izan zen. Santa Maria del Carmine komentuan hasi zen dekorazio lanetan eta bertan ezagutu zituen Massaccioren lanak. 1432an utzi zuen monasterioa, fresko batzuk margotu ondoren, eta badirudi mairuen aurkako guduetan parte hartu zuela Itsaso Adriatikoan (esklabo gisa eduki omen zuten mairuek hemezortzi hilabetez). 1434an Paduara jo zuen eta 1437an itzuli zen Florentziara Medicitarrentzat lan egitera. Bi lan nagusi eman zituen urte hartan: Andre Maria eta Haurra Frediano eta Agustin santuen artean eta Andre Maria eta Haurra. Massaccioren eragina handia da lan horietan eta Donatello eta Jacopo della Quercia eskultoreen kutsua ikus daiteke dekorazio elementuetan. 1441-1443 urteetan margotu zuen Deikundea lanean pintura molde berriak erakutsi zituen: ikuspegi efektuak, kolorearen eta formaren arteko kontrastasunak eta jantzi arinen mugimendu leuna, Boticelliren artearen aitzindari. Erretaula ospetsu bat pintatu zuen garai hartan, Fra Angelicoren moldean: Ama Birjinaren koroatzea. Fra Filippo Lippik beste inork ez bezala landu zuen erretauletan Madonna edo Andre Maria eta Haurra gaia. Madonna eta Haurra eta Mariaren bizitzako eszenak da gisa honetako lan aipagarriena. 1445ean beste Ama Birjinaren koroatzea bat margotu zuen, baina Fra Angelicoren moldeetatik guztiz urrun. Freskoak eta erretaulak egiten jarraitu zuen Fra Diamanterekin batean eta 1467an Spoletora jo zuten biek Medicitarrentzat lan egitera. Hango katedralean egin zituen Fra Filippo Lippik azken freskoak.