Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lhande Hegi, Pierre

(Pierre Basagaitz, benetako izena). Zuberoko idazlea (Baiona, 1877 - Atharratze-Sorholüze, 1957). Zortzi urte zituela, aita hil zitzaion eta amaren sortetxera joan zen Zuberoako Zalgizera. Baionako apaiztegi nagusian egin zituen lehen ikasketak, baina handik bota egin zuten. 1900ean Jesusen Lagundian sartu eta, Baionan, Belgikan eta Cadizen egon ondoren apaiz egin zen 1910ean. Ordurako bi obra argitaratuak zituen: Autour d´un foyer basque (1908) eta L´Emigration basque (1910). Handik urte betera, Hondarribian bizi zela, Mirentchu, frantsesez idatzitako eleberria, eman zuen argitara. 1919an, Euskaltzaindia sortu zenean, zubereraren ordezkari hautatu zuten Lhande, eta, hurrengo urtean, erakunde beraren Euskera aldizkariko erredakzio buru. 1923an Tolosara erbesteratu zuten, euskal gazteak Marokora ez joateko ahaleginetan ziharduelako. Bertako unibertsitateko euskal hizkuntza eta literaturaren katedra eskaini zioten Lhanderi. Erlijio hitzaldi ugari eman zituen, baita irratiz ere; Hego Amerikan, Madagaskarren, eta Sortaldeko zenbait herritan barrena ibili zen. RIEV, Gure Herria, Bulletin du Musée Basque, Etudes eta Eskualduna aldizkarietan eman zituen argitara lan garrantzitsuenak. Obra nagusiak: Louis (1912), Au prix du sang (1915), Les mouettes (1920), Mon petit Prêtre. Récit d´une Mère (1918), Trois Prêtres soldats, Lieutenant Abbé Chao; Lieutenant de Dara, S. J.; Joseph Cascua S. J. (1918), Notre soeur latine l´Espagne. Études politiques et morales (1919), L´Enseigne de vaisseau Lefèvre (1919), Mémoires d´un écureuil (1922), Les lauriers coupés (1924), Le Pays Basque à vol d´oiseau (1925), Bilbilis (1926), Le Christ dans la banlieu (1927), Le Dieu qui bouge (1930), La France rayonnante. Argentine. Chili. Uruguay (1931), Le Moulin d´Hernani. Récits de Navarre et du Pays Basque (1936) eta Etchaun, le poète basque (1943). Euskaraz eleberri bakarra idatzi zuen: Yolanda (1921), gipuzkeraz idatzia. Baina Lhanderen obra nagusia hiztegia izan zen: Dictionnaire basque-français (1926-1938), bukatu gabe utzi zuena (Laffitek bukatu zuen).