Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lezo Olabarrieta, Blas

Gipuzkoar itsasgizon eta militarra (Pasai San Pedro, 1687 - Cartagena de Indias, Kolonbia, 1741). Frantzian egin zituen itsas ikasketak eta hamabost urte zituela parte hartu zuen lehen itsas guduan Mediterraneo itsasoan, Velez-Malagaren aurrean. Ezkerreko hanka galdu zuen hartan. Frantziako Toulonen egon zen ondoren; 1707an, Savoiako dukearen erasoaldi batean, begi bat galdu zuen. Fragata kapitain izendatu zuten ondoren eta 1713tik aurrera Bartzelonako hiriaren setio eta konkistan parte hartu zuen. 1714an eskuineko besoa galdu zuen Bartzelonan, itsasontziko kapitain zela. Atlantiko aldera bidali zuten ondoren eta hamalau urtez ibili zen itsaslapur ingeles eta holandarren aurkako jardunean. 1726an ontzi talde bateko buruzagi izendatu zuten eta, Sevillan egon ondoren, Aljeriako Oran hiriaren konkistan parte hartu zuen (1732). Bi hilabete geroago turkiarren mende geratu zen berriro hiria; Blas de Lezoren ekinari esker itzuli zen hiria espainiarren eskuetara. Itsas armadako teniente jeneral izendatu zuten 1734an, eta Cartagena de Indiasko gobernari 1737an. 1740-1741 urteetan aurre egin zion Kolonbiako hiri hartan Vernon almirante ingelesaren erasoari; hildako asko izan ziren bi aldeetan eta Blas de Lezo bera ere hil zen, hilabete batzuen ondoren.