Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Levi, Primo

Italiar idazlea eta kimikaria (Turin, 1919 - Turin, 1987). 1941ean kimikako tesia aurkeztu zuen. Ondoren Erresistentzian parte hartu zuen eta preso hartu eta Auschwitz-era bidali zuten, judua baitzen. Sobietar gudarosteak askatu zuen eta Italiara itzuli zen. Ahanztearen kontra borrokatu nahi izan zuen eta nazien kontzentrazio esparruetako sistema, gizakiaren hondamena, fanatismoa eta krudelkeria deskribatu zituen Hau gizona bada (1947) lanean. Zorroztasun eta argitasun handiz, gaien jarraipen baten arabera ordenatutako eraikuntza batean, Primo Levik zentzugabetasunaren eta irainaren kontakizuna egiten du, eta baita horren guztiaren gogoeta morala ere. Su-etena (1963) lanean normaltasunerako itzulera nolakoa izan zuen azaltzen du. Aipagarriak ditu bestalde, Sistema periodikoa (1975, Juan Garziak euskaratua), Giltza ingelesa (1978), Lilith (1981), Orain edo inoiz ez (1982), Urperatuak eta salbatuak (1986). Horiez gainera, aipagarriak ditu kontakizun fantastikoak, Istorio naturalak (1966) eta Forma akatsa (1971), eta Bremen-eko ostatua (1975) eta Ad ora incerta (1984). Dirudienez, bere burua hil zuen 1987ko apirilean.