Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lertxundi Esoain, Benito

Gipuzkoar kantagilea eta kantaria (Orio, 1942). Ez dok amairu taldeko kidea izan zen sortu zenetik. Euskal Herriaz gainera, Espainia guztian zehar, Bretainian, Galesen eta Frantzian ezagutzera eman du bere musika. Zuberoa. Askatasunaren semeei (1977) izeneko diskoan Zuberoak sortzen zion lilura erakusten du eta omenaldia egiten dio. Lizardiren olerki ugariri musika jarri die. Bost disko txiki eta sei disko handi plazaratu ditu guztira. Oro laño mee batek (1973), Altabizkar-Itzaltzuko bardoari (1981) eta Gaueko ele ixilen baladak (1985), besteak beste. 1987an Lertxundik, tresna elektronikoak erabiliz eta eragin zelta nabarmena zuen musika sortuz, erabat berriztatu zuen bere musikaren estiloa, Mauleko bidean… izatearen mugagabean diskoaren bidez. Handik bi urtera Bereterretxen erromantzetik jasotako izenburua daraman Pazko gauerdi ondua aurkeztu zuen, eta hartan ere instrumentazio aberatsa nabarmentzen zen. 1993. eta 1994. urteetan Hunkidura Kuttunak eta Hunkidura Kuttunak II izeneko kantu bildumak kaleratu zituen, eta bi urte geroago, Hitaz Oroit izeneko lana. Azken urteotan lankidetza estuan aritu da Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, orkestrarekin batera emanaldi ugari eskainiz Euskal Herri osoan. Elkarlan horren emaitza izan da 1999an elkarrekin grabatu zuten Ahuen Sinfonikoa diskoa. Ez dok Amairu taldean kide izan zituen Mikel Laboa eta Artze anaiekin batera, 2000. urteko urtarrilean Euskal Herriko Unibertsitatearen urrezko domina jaso zuen.