Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lertxundi Esnal, Anjel

Gipuzkoar idazlea (Orio, 1948). Irakasle eta Filosofia eta Letra ikasketak egin zituen Donostian, Erroman eta Valentzian. Irakaskuntza (Zarauzko ikastola eta Eliz Barrutiko Irakasle Eskola) eta kazetaritza (Egin, Ere) lanetan aritu zen hainbat urtez. 1970ean argitaratu zuen lehen liburua: Hunik arrats artean, ipuin bilduma. Absurdoaren literaturarekin eta Hego Amerikako errealismo fantastikoarekin harreman estua du. Harrezkero, eleberriez eta ipuin bildumez gainera, artikuluak, saiakerak eta haur eta gazte literatura landu ditu. 1973an haurtzaroko bizikizunez osatutako eleberria argitaratu zuen, Goiko kale izenburupean. Gerokoak dira Aise eman zenidan eskua (1979) kontakizun laburren bilduma, eta Hamaseigarrenean, aidanez (1983). Azken eleberri horrekin, Lertxundik baserri eta itsaso giroko kontakizun sail bat hasi zuen, ordu arte ez-ohikoa izan zen ikuspuntu errealago batetik. Garai hartan, gainera, Lertxundik berak eraman zuen zinemara bere eleberria, eta beste film bat ere egin zuen: Kareletik (1986). Azken urteetan bi eleberri eman ditu argitara, aurrekoetatik oso ezberdinak, Carla (1989) eta Kapitain Frakasa (1991), Euskal Herritik kanpora girotuak, eta bere idazlan handinahienak. Haur eta gazte literaturari dagokionez, obra nagusiak dira: Haur literaturaz (1982) saiakera; Tristeak kontsolatzeko makina (1981), Gizon kabalen piurak (1982), Madame Kontxexi saila (1988-89) Lurrak berdinduko nau (1990). Euskal Idazleen Elkarteko lehen lehendakaria izan zen, 1983an. Azken urteotan haur eta gaztetxoentzat zein helduentzat idazten jarraitu du, eta bere obra ugari argitaratu dira –itzulita edota egokituta– gazteleraz ere. Besteak beste, lan hauek eman ditu argitara azken urteotan: Otto Pette: Hilean bizian bezala (1994), Piztiaren izena (ipuinak, 1995), Azkenaz beste (nobela, 1996), Letrak kalekantoitik (glosak, 1996), Lehorreko koadernoa (1998) eta 1999an Euskadi Literatura saria eskuratu zuen Argizariaren egunak (nobela, 1998). Goiko kale eta Hamaseigarrean aidanez aspalditxoko lanak berriz argitaratu dira, eta haurrei zuzendutako lanari dagokionez, beste batzuen artean, Estalaktita rockeroaren kasua (1997), Musubero mon amour (2000) eta Nik erremerre hitz egiten dut, eta zer? (2000) liburuak argitaratu ditu.